martes, 22 de diciembre de 2009

Mutrikuko kantak

Kantu Zaharrak Mutrikun CDa eta liburuxka argitaratu dira.


Joan zen urteko udan, 2008ko uztailean, atxukale.com irakurtzen proiektu honen berri jaso nuen: Mutrikuko kantak jasotzea, zein ideia ona.
Berehala hasi nintzen zer ekarpen egin nezakeen pentsatzen, eta nere aitxa etortzen zitzaidan burura. Berak ez zuen parte hartu inoiz formalki koruan, bere anaia tio Juanitok bezala, baina etxean asko kantatzen zuen eta bazkari edo afari baten ostean askotan. Ume zalea zen eta nere alabei hainbat kanta erakutsi zien, gurekin egin zuen moduan txikiak ginenean.
Horrela hasi nintzen umeen kantak bidaltzen: Hiru eta hiru sei, Gabon gabontzeta... eta baita ere lagunen bati ahaztutako estrofak birgogoratzeko eskatzen. Ondo pasatu nuen.
Gero blogean sartzen nintzen noizbehinka eta beste herritarren ekarpenak irakurtzen nituen.

Nere familiko ekarpenak hasi ziren agertzen eta berriro nere aitxaren izena, Romualdo. Orduan konturatu nintzen ni jaio baino lehen, Katu Kalian ilobei kantatzeko ohitura izan zuela eta nere lehengusinen memoriari esker kanta batzuk proiektu honetan azaldu dira. Ez dakit beste etxeetan kantatzen ziren baina gurean bai.
Kanta bat Astotxoa da eta bat batean Katu kalen ezagutu nuen astoa datorkit burura, Jabielarena zen eta Ipar kalean zegoen kortan bizi zen. Jabielak behin baino gehiagotan eramaten gintuen asto gainean bere baratzeraino.
Beste kanta Txurrerua; honetan ere Katu Kalen bizi zen txurro-saltzaile bat agertzen zaigu.
Argi dago garai hartako ahozko transmisioaren garrantzia.
Proiektu taldeko kide guztiak zoriondu nahi ditut amets hau gauzatzeagatik.
Bereziki Nerea Arrizabalagaren lana eta ekina aipatu nahi dut berari eta bere amari esker daukat orain nere aitxaren gogorapen gehiago.
Eta nola ez, zorionak kantatu duzuen guztioi. Baina zein ondo kantatzen den Mutrikun!!!